Albisteak

Albistea

Mareak Jaialdiaren hamabigarren edizioak bederatzi kultur proposamen bilduko ditu Bermeon

  •       Urriaren 20tik 24ra, zinema, musika, ahozko narrazioa, literatura, dantza garaikidea eta ondarea izango dira protagonista.
  • Ekitaldi gehienak doakoak izango dira.

Mareak Jaialdiak bederatzi proposamen ekarriko ditu Bermeora urriaren 20tik 24ra. Hamabigarren edizio honetan, diziplina eta estilo desberdinak elkartuko dira: dokumentala, musika esperimentala, ahozko narrazioa, literatura, dantza garaikidea... MB2000 elkarteak, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako jaialdiak tradizioaren eta abangoardiaren arteko lotura landuko du beste urte batez, mimo handiz prestatutako egitarauaren bidez.

Proposamenak herriko hainbat gunetan banatuko dira: Nestor Basterretxea aretoan, Arrantzaleen Museoan eta Kafe Antzokian izango dira saioak, eta Santimamiñek zein Irakaskintzako karpak ere hartuko dituzte ekitaldiak. Egitarauko jarduera gehienak doakoak izango dira.

Jaialdia urriaren 20an hasiko da, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan, Arcadia dokumentalaren emanaldiarekin. Paul Wrightek zuzendutako lanak britainiarrek landa-ingurunearekin historian zehar izan duten harremana aztertzen du, artxiboko irudien bidez. Etxeko filmek, albistegiek eta dokumentu zaharrek landa-bizitzaren, herri-tradizioen eta gizarte-aldaketen bilakaera erakusten dute, Adrian Utley eta Will Gregory musikariek osatutako soinu-bandarekin batera. Emanaldia doakoa izango da.

Urriaren 21ean, 18:30ean, Ameli kontalariak Ongi etorri ikuskizuna aurkeztuko du Arrantzaleen Museoan. Amaia Elizagoienek eta Itziar Olaguek euskal ondareko ipuinak, istorioak eta bitxikeriak kontatuko dituzte, hitza eta musika uztartuz. Biola, pianoa eta gitarra baliatuta, umorea, jolasa eta gorputz-adierazpena ere izango dira saioaren osagaiak. Ikuskizuna doakoa da, baina 16 urtetik gorakoentzat dago zuzenduta.

Hurrengo egunean, urriaren 22an, 19:00etan, Oda Marítima zine-kontzertua izango da Nestor Basterretxea aretoan. Yohann Villanuak Fernando Pessoaren poema batean oinarritutako proposamena aurkeztuko du, Christophe Barennes pianistaren laguntzarekin. Poesia, musika eta irudiak uztartzen dituen saioak itsasoaren inguruko bidaia sentsoriala eskaintzen du, jazzaren, sambaren eta fadoren doinuekin. Sarrera doakoa izango da.

Barikuan, urriaren 23an, bi proposamen izango dira. Lehenengoa 18:30ean hasiko da, Arrantzaleen Museoan, Tristes pupilas liburuaren aurkezpenarekin eta hitzaldiarekin. Jorge Luis Marzo arte-historialariak XIX. mendeko itsasontzien branketan jartzen ziren emakume-irudien historia aztertzen du lanean, eta irudi horien esanahiari zein itsas munduan emakumeek zuten lekuari buruzko gogoeta proposatzen du. Saioa doakoa izango da.

Gauean, 20:30ean, Harria taldeak joko du Bermeoko Kafe Antzokian. Aitor Aldanondok gidatutako proiektuak folkaren, rockaren, psikodeliaren eta countryaren doinuak euskal tradizio liriko eta musikalarekin lotzen ditu. Euskal musikagintzan ibilbide luzea duten musikariek osatzen dute taldea. Kontzerturako sarrera 6 eurokoa izango da.

Zapatuan, urriaren 24an, goizeko 11:00etan, Santimamiñera bisita gidatua egingo da Juan Carlos López Quintana arkeologoaren eskutik. Urdaibaiko aztarnategi garrantzitsuenetako bat ezagutzeko aukera izango da, haren historia, aurkikuntzak eta ikerketa-lana gertutik ezagutuz. Santimamiñek Goi Paleolitoko labar-artearen erakusgarri baliotsuak gordetzen ditu. Bisita doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da, mb2000.elkartea@gmail.com helbidera idatzita.

Arratsaldean, 19:00etan, Zalantza baten itzala taldeak musika-saioa eskainiko du Irakaskintzako karpan. Laukoteak erritmo hipnotikoak, hitzak, sampler-ak eta doinu malenkoniatsuak uztartzen ditu, ohiko kontzertu-formatutik aldentzen den proposamen batean. Musikaren bidez, botere-harremanei buruzko gogoeta eta aldaketa kolektiborako deia egiten ditu. Saioa doakoa izango da.

Mareak Jaialdiaren azken hitzordua 21:30ean izango da, Bermeoko Kafe Antzokian. Lehenik, IRAUN dantza garaikideko pieza aurkeztuko dute Amaia Elizaran dantzari eta koreografoak eta Neønymus proiektuaren sortzaile Silberius de Ura musikariak. Gorputza, ahotsa, teknologia eta soinu-tresna bereziak uztartzen dituen lanak berpizkundea du ardatz, eta inprobisazioari esker emanaldi bakoitza bakarra da. Ondoren, Sophia Djebel Rose artista frantziar-marokoarraren kontzertua izango da. Folkaren, ahots-esperimentazioaren eta musika abangoardistaren artean kokatzen da haren proposamena; gitarra eta harmonioa oinarri hartuta, natura, mistizismoa eta poesia uztartzen ditu, ikuspegi feminista eta ekologikotik. Bi emanaldiak ikusteko sarrera bakarra izango da, 8 eurokoa.

Antolatzaileek herritarrak gonbidatu nahi dituzte kulturaz beste modu batera gozatzera, ohiko bideetatik harago doazen proposamenak ezagutzera eta tradizioaren zein sorkuntza garaikidearen arteko loturez gozatzera. Urriaren 20tik 24ra, Bermeoko hainbat gunek esperientzia artistiko berriak ezagutzeko aukera eskainiko dute.

14 / 10 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0