Albistea
· Udalak herritarrak gonbidatu ditu espazio berriaren izaera, funtzioak, erabilerak eta antolaketa-eredua elkarrekin zehaztera.
Bermeoko Udalak Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko herri-prozesua abiatu du. Herriko eragile feministekin, emakumeen taldeekin eta disidentzia antolatuekin egindako lehen gogoeta-fasearen ondoren, udazkenean herritarrei irekitako partaidetza-fasea jarriko da martxan.
Prozesuaren helburua da etorkizuneko espazioaren izaera, funtzioak, erabilerak, antolaketa-eredua eta lehentasunak modu parte-hartzailean zehaztea, eta, aldi berean, proiektua pixkanaka errealitate bihurtzeko bide-orria adostea.
Proiektua herrian ezagutarazteko, saretzeko eta haren inguruko gogoeta sustatzeko lehen hitzordua irailaren 18an izango da, 18:30ean, Bekoportalen.
Barikuko saioak bi atal izango ditu: Lehenik, Beatriz Egizabal aktorearen Gregoria bakarrizketa umoretsua izango da. Ondoren, ahalduntze feministarako etxeen inguruan garatutako esperientziak ezagutzeko aukera egongo da.
Hitzorduaren bidez, beste herri batzuetan garatutako esperientziak ezagutu eta horietatik ikastea bilatzen da, Bermeoko Ahalduntzerako Gune Feminista irudikatzen hasteko ideiak eta gakoak partekatzeko.
Asanblada irekia, urriaren 17an
Partaidetza-prozesuaren hurrengo hitzordu nagusia urriaren 17an izango da. Zapatu goizean egingo den saio trinkoa Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko interesa duten herritar guztiei zabalik egongo da.
Asanbladan, etorkizuneko gunearen izaerari, funtzioei, erabilerei eta antolaketa-ereduari buruzko ekarpenak jasoko dira. Era berean, proiektua urratsez urrats errealitate bihurtzeko bide-orria lantzen hasiko dira parte-hartzaileak.
Bermeoko Udalak bultzatutako espazio berriak, oraingoz, Ahalduntzerako Gune Feminista izena duenak, izaera publiko-komunitarioa izango du oinarri.
Prozesuaren erronka nagusietako bat proiektua herrian zabaltzea eta Bermeoko emakumeen eta disidentzien behar eta errealitate anitzetara egokitzea izango da, askotariko ahotsak eta esperientziak prozesuaren erdigunean kokatuta.
Horregatik, Bermeoko Udalak herritarrak gonbidatu ditu udazkenean abiatuko den partaidetza-prozesuan parte hartzera, guztion ekarpenekin Ahalduntzerako Gune Feminista irudikatu, definitu eta, aurrerago, errealitate bihurtzeko.