Albistea
Bermeoko Udalak adineko pertsonekiko herri lagunkoiaren diagnostiko berria egingo du, Bizitzen Fundazioarekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Azterlanaren bidez, herriko egungo egoera ezagutu eta hobekuntzarako proposamenak jasoko dira, adineko pertsonek beren bizimoduari ahalik eta autonomia eta bizi-kalitate handienarekin eutsi ahal izan diezaioten.
Ekimen hau Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatutako herri lagunkoien mugimenduaren barruan kokatzen da. Mugimendu horren helburua da herriak adineko pertsonen beharretara eta gaitasunetara egokitzea, haien ongizatea eta gizartean parte hartzeko aukerak sustatzeko. Horretarako, herriko politikak, zerbitzuak, inguruneak eta egiturak aztertzea eta hobetzea proposatzen du.
Diagnostikoan zortzi arlo ebaluatuko dira: aire zabaleko guneak eta eraikinak; garraioa; etxebizitza; sareak eta gizarte-laguntza; partaidetza; errespetua eta gizarteratzea; komunikazioa eta informazioa; eta gizarte eta osasun zerbitzuak.
Prozesua egiteko, herritarren ekarpenak jasotzeko batzarrak antolatuko dira. Topaketa horietan, herriko arlo desberdinei buruzko iritziak eta bizipenak partekatuko dira, baita egungo egoeraren alderdi positiboak, hautemandako oztopoak eta hobekuntzarako proposamenak ere. Adineko pertsonen parte-hartzea bereziki garrantzitsua izango da diagnostikoa osatzeko.
Taldeak 12 pertsona ingurukoak izango dira, parte-hartzaile guztiek beren iritzia emateko aukera izan dezaten. Hauek dira batzarren datak, ordutegiak eta hartzaileak:
· Azaroak 13: 80 urtetik gorako pertsonentzat.
o Gizarte eta Kultura Etxeko Nagusien Txokoan, 10:30etik 12:30era.
· Azaroak 18: 65 eta 79 urte bitarteko pertsonentzat.
o Gizarte eta Kultura Etxeko 2.3 batzar-gelan, 16:00etatik 18:00etara.
· Azaroak 19: 80 urtetik gorako pertsonentzat.
o Gizarte eta Kultura Etxeko 2.3 batzar-gelan, 16:00etatik 18:00etara.
· Azaroak 25: Zaintzaileentzat.
o Gizarte eta Kultura Etxeko 2.5 gelan, 17:45etik 19:30era.
· Azaroak 26: 65 eta 79 urte bitarteko pertsonentzat.
o Gizarte eta Kultura Etxeko 2.3 batzar-gelan, 16:00etatik 18:00etara.
Bermeoko Udalak herritarrak batzarretan parte hartzera gonbidatzen ditu, haien iritziak eta ekarpenak diagnostikoaren oinarri izan daitezen. Informazio gehiago jasotzeko edo parte hartzeko, 675 916 856 edo 94 617 91 60 telefonoetara deitu daiteke.