Albistea
Bermeo bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatua izan da; gaur, azaroak 9, argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Izendapenak alokairuen prezioak mugatzeko neurriak aplikatzea ahalbidetuko du, herritarrek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko tresna berriak eskainiz.
Izendapena Bermeoko Udalak abiatutako ekimenaren emaitza da. Bermeo bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko eskaera 2026ko otsaileko osoko bilkuran bozkatu zen, eta EH Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin onartu zen; EAJk, berriz, aurka bozkatu zuen. Ondoren, martxoan, udalak Eusko Jaurlaritzari bidali zion eskaera ofiziala, udalerriko etxebizitza-merkatuaren egoerari erantzuteko eta indarrean dagoen legediak eskaintzen dituen neurriak aplikatu ahal izateko. Eskaerarekin batera, izendapena justifikatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak dagokion prozedura administratiboa abiatu zuen.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak oso positibotzat jo du erabakia, eta azpimarratu du urrats garrantzitsua eta beharrezkoa dela udalerriarentzat: “Aspalditik ikusten ari gara etxebizitza eskuratzea herritarren kezka nagusietako bat bihurtu dela, bereziki gazteen eta Bermeon bizi-proiektua garatu nahi duten familien artean. Izendapen honek orain arte salatzen ari garen errealitate hori aitortzen du, eta, batez ere, egoera horri aurre egiteko tresna berriak eskaintzen dizkigu”.
Alkatearen hitzetan, etxebizitza ezin da pribilegio bihurtu, ezta herritarrak beren herritik alde egitera behartzen dituen oztopo ere: “Gazteek Bermeon emantzipatzeko aukera izatea nahi dugu, familiek hemen bizitzen jarraitu ahal izatea eta gure herrira etorri nahi dutenek ere etxebizitza aurkitzeko aukerak izatea. Gure helburua argia da: Bermeok bizitzeko herria izaten jarraitzea, inork bere etorkizuna hemen eraikitzeari uko egin behar izan gabe etxebizitzaren prezioagatik”.
Izendapenaren neurri nagusietako bat alokairuen prezioak mugatzea izango da, legeak ezarritako baldintzen arabera. Oro har, azken bost urteetan ohiko etxebizitzaren alokairu-kontratua indarrean izan duten etxebizitzetan, kontratu berriko errentak ezin izango du aurreko kontratuko azken errenta gainditu, dagokion urteko eguneraketa aplikatu ondoren eta legeak jasotzen dituen salbuespenak kontuan hartuta.
Bestalde, edukitzaile handien etxebizitzetan, kontratu berrien errentak ezin izango du erreferentziazko prezioen indizeen sistemak ezarritako gehieneko muga gainditu. Muga hori azken bost urteetan alokairu-kontraturik izan ez duten etxebizitzei ere aplikatuko zaie, aginduan jasotzen denez.
Araudiaren arabera, edukitzaile handitzat hartzen dira bizitegi-erabilerako hiri-lurreko bost higiezin edo gehiago dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.
Izendapenak hiru urteko indarraldia izango du, eta urtero luzatu ahal izango da, legez ezarritako baldintzak betetzen badira.
Alkateak, azkenik, gogorarazi du izendapenak ez duela berez etxebizitzaren arazoa konponduko, baina aukera emango duela politika publikoak indartzeko eta egoeran eragiteko: “Orain tresna hau baliatu, lanean jarraitu eta herritarrentzat benetako emaitzak lortzea da garrantzitsuena”.