Albistea
Bermeoko Udalak, Adikzioen Prebentzio Zerbitzuaren bitartez, familia-eskolen programa berria antolatu du ikasturte honetarako. Aurreko urteetan bezala, ekimenaren bidez, herriko familiei seme-alaben hazkuntza-prozesuan sortzen diren egoerei aurre egiteko baliabideak eta orientabideak eskaini nahi zaizkie, bereziki nerabezaroarekin lotutako erronkei erreparatuta.
Guztira, lau saio egingo dira, eta hainbat gai jorratuko dituzte: nerabezaroan autonomia sustatzea, emozioen kudeaketa eta komunikazioa, sexualitatea eta pornografiaren eragina, eta familien eta nerabeen arteko harremanak. Helburua da familiei eguneroko egoerak hobeto kudeatzeko tresnak eskaintzea eta esperientziak partekatzeko gune bat sortzea.
Lehenengo saioa azaroaren 26an izango da, 17:30etik 19:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean: Nerabezaroa eta lehen irteerak: konfiantzazko autonomiarako bidea. Giltzak eta baliabideak familientzat. Batez ere 10 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzenduta dago. Nerabezaroaren hasieran sortzen den autonomia-prozesua, gurasoen beldurrak eta kezkak, konfiantzaren eta mugen arteko oreka, lagun-taldearen eragina eta lehenengo irteeretan sor daitezkeen arrisku-egoerak landuko dira.
Bigarren hitzordua otsailaren 11n izango da, 17:30etik 19:30era, Gizarte eta Kultura Etxean: Emozioak eta komunikazio ez-bortitza: garrasi egin gabe… posible da?. Nerea Mendizabal psikopedagogoak gidatuko du saioa. Gizarte Hezkuntzan diplomatua eta Komunikazio Ez Bortitzean formatzailea eta aditua da, eta urte luzez aritu da familiei eta hezkuntza-komunitateari zuzendutako prestakuntzak eskaintzen. Hitzaldian, haurtzaroko garapena, hezkuntza emozionala eta komunikazio ez-bortitza izango ditu hizpide, entzute aktiboa, emozioen eta beharren adierazpena eta elkarrekiko errespetua ardatz hartuta.
Martxoaren 18an, 17:30etik 19:00etara, egingo da hirugarren saioa, Gizarte eta Kultura Etxean: Eta pornografia agertzen denean… zer? Sexualitatea, pornografia eta harreman osasuntsuak nerabezaroan. Nerabezaroan sexualitateak duen lekua, familian gai horri buruz hitz egiteko moduak eta gazteek eduki sexualetara duten sarbidea aztertuko dira. Horrez gain, pornografiaren eta sexualitate errealaren arteko aldeak landuko dira, ikuspegi kritikoa sustatzeko eta gurasoei egoera horien aurrean erantzuteko baliabideak eskaintzeko.
Azken saioa apirilean egingo da, Aste Santuaren bueltan, baina data zehazteke dago oraindik: Familia eta nerabeen arteko topaketa: Hitz egiten dugu. Baina elkar entzuten al dugu? Komunikazioa eta harremana. Entzute aktiboa, nerabeen eta familien beharrak eta eguneroko bizikidetzan sortzen diren egoerak landuko dira. Besteak beste, mugikorren erabilera, ordutegiak, ikasketak, lagunak eta etxeko arauak izango dituzte hizpide.
Izen-ematea eta informazioa
Saioetan parte hartzeko, izena eman behar da, informazio-kartel bakoitzean agertzen den QR kodearen bidez. Saio bakoitza egiteko gutxienez lau lagunek eman beharko dute izena, eta gehienez 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Adikzioen Prebentzio Zerbitzuarekin harremanetan jar daiteke:
Bermeoko Udalak herriko familiak familia-eskoletan parte hartzera animatu nahi ditu, hazkuntzaren inguruko kezkak eta esperientziak partekatzeko eta eguneroko erronkei aurre egiteko baliabide berriak eskuratzeko.